Comunicado leído en la concentración
Ondorioz, epaiketa bat egin eta EAEko Auzitegi Nagusiak CCOO sindikatuari arrazoia eman zion, eta Barakaldoko udalak ez du helegiterik aurkeztuko epai horren aurrean.
Horrenbestez, Barakaldoko 26.000 euskalduni hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigu eta ebazpen horrek urraketa hau betikotzea dakar. Are gehiago, honelako injustiziak herri gehiagotan errepikatzen lagun lezake.
Egoera hau biziki larria iruditzen zaigunez, gaur hemen kontzentratu gara.
Hala eta guztiz ere, argitu nahi dugu langileen lan eskubideen alde gaudela, eta euskara ikasteko baliabide egokiak eta behar dituzten erraztasunak izatea eskatzen dugula, beraien jarduera bi hizkuntza ofizialetan burutzeko aukera izan dezaten. Ez dugu nahi euskara langileen eskubideak murrizteko aitzakia bezala erabilia izaterik, baina, ostera, eskubide horien defentsak ez ditzala euskara eta gure eskubideak gutxietsi edo baztertu.
Jakin badakigu gai baten inguruan horrenbeste iritzi dagoenean zaila dela irtenbide egokiena topatzea, baina guztion interesak asebetetzen dituzten erabakiak eta konpromisoak adostu behar dira. 30 urte luzeren ondoren agintariek gaiari seriotasunez eta bitartekoekin heldu behar diotela irmoki uste dugu. Herritarrok gure lana egiteko gaude, batzuetan erabakiak txalotzeko eta besteetan salatzeko. Gu, euskaldunon elkarte garen heinean, euskara eta euskal kultura herrira barreiatzeko dinamikan arituko gara eta euskaldunon eskubideak defendatuko ditugu, horretarako gure esku dauden bitarteko guztiak erabiliz.
Gure aldarria argia da: zerbitzu publiko guztietan euskarazko arreta bermatuta izatea eskatzen dugu, legeak ezartzen duen bezala.
Sortu den egoera honek argi erakusten du bidea luzea dela, baina, aldi berean, orain dela 30 urte baino laburragoa. Oztopo nabarmenak daude bidean baina denok batera aurrera egitea lortu dugu. Orain lan txukuna egiteko garaia da, oztopoak gainditzen jarraitzeko unea. Saihestu ditzagun bidezidorrak. Gure ustez, afera honetan eragile bakoitzaren hausnarketa egiteko unea heldu da eta hainbeste erabiltzen den ADOSTASUNA hitzetatik ekintzetara igaro behar da EUSKARAZ GURE HERRIAN BIZI NAHI DUGUNON ESKUBIDEAK BERMA DITZATEN, ez bakarrik komunikatuetan, baizik eta egunerokotasunean. Horretarako, gai honi merezi duen lehentasuna eman eta behar beste baliabide martxan jarri beharko lirateke.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi diegu bide desberdinetatik elkartasuna erakutsi diguten guztiei. Eta eskerrik beroenak gaur hona gerturatu zareten guztioi. Sasibururen filosofia berdinen arteko elkarrizketan eta elkarlanerako prestutasunean oinarritzen da. Beti aipatu dugu lan xumea egiten dugula, baina inork ez dezala pentsa xume izateagatik ez dugula beteko herriko euskaldunekin adostu dugun konpromisoa: Barakaldon euskaraz bizitzeko baliabide guztiak aktibatzea.
Gora Barakaldo euskalduna!