publicidad

Iritzia / Irabazi / Barakaldokoa naiz, eta?

Udal euskaltegia

Eder Álvarez Rivera | Irabazi Barakaldoko bozeramailea

BARAKALDO, 2 DIC 2018. Aste bat pasa da dagoeneko Euskaraldia hasi zenetik. Zazpi egun horietan pentsarazi egiten gaituzten egoerak bizi izan ditugu. Lehenik eta behin, Barakaldon uste genuena baino euskaldun gehiago garela. Nire ustez, esperimentu sozio-linguistiko honen helburuetako bat euskaldunok ikusaraztea da, eta aste honetan txapita ugari ikusi ditugu gure artean... espero genituenak baino askoz gehiago.
Bestalde, euskara Barakaldoko kaleetan barrena indartsu azaldu zaigu; esan baharra dago, azkeneko urte hauetan gora egin duela, bai euskararen aldeko ekimen hori dela-eta edo lotsa alde batera utzi dugulako, Euskaraldia aitzakiatzat hartuta. Eta azkenik, ziurrenik, gehien pentsarazi nauena: gure kuadrilletan euskara erabili eta ulertzen dituzten pertsonen kopurua oso altua dela agerian utzi du Euskaraldiak. Suposatzen dut, abenduaren 3an ariketa bukatzerakoan, gizarteak hausnartu beharko duela horren inguruan, baina, oraindik, egun batzuk falta dira horretarako.

Hori guztia esateaz gain, aitortu behar dut udal politikariok garela euskara oso gutxitan erabiltzearen errudun nagusiak.

Badakit ez dela ohikoa iritzi artikulu autokritikoa idaztea, baina indar politiko ezkertiar bat garen heinean, egin beharra dugu. Egia esan, legealdi honetan euskara egunero eta gehiagotan erabiltzeko aukera izan dugu, eta ez dugu egin, "komunikazio eraginkorra" deritzogun aitzakia ontzat hartuta. "Nahiko zaila da Vocentok eta gainontzeko komunikabideek gure ekimenak iragartzea, gainera prentsaurrekoa euskaraz egiten badugu...", esan dugu sarritan, bide batez, gure burua konbentzitu nahian.

Testuingurua da aldatu beharrekoa. Gogoan daukat 2015eko kargua hartzeko Osoko Bilkura. Hitza hartu eta lehenengo hitzaldia euskaraz egin nuen ia osorik, oso urduri eta inork zuzendu barik. Eta, jakina, sare sozialetan agertu ziren lehenengo trollak: "euskara horrela egiteko ez egin", "zelako hanka sartzea" eta abar. Badakigu politikaren testuingurua ez dela erraza, baina gehienetan egoera orokorraren isla gordina baino ez da. Nola espero dugu gure kuadrilla euskaraz egitea, gehienok euskaldun berriak garenean eta, gainera, norbait zuzenduko gaituenaren beldur bagara? Edo okerrago, “Super-Basqueman” baten “pa hablar así no hables” horren ikara dugunean?

2015etik hona zertxobait saiatu gara. Prentsa oharrak euskaraz eta gaztelaniaz bidaltzen ditugu, osoko bilkuretan, hitzaldiren bat gutxienez euskaraz egiten dugu eta gure boletina erdara hutsean egitetik, erdia euskaraz egitera pasatu gara (eskerrik asko Iñaki kritika konstruktiboa egiteagatik lehenengo alearekin). Baina ez da nahikoa izan, eta Euskaraldiak hori agerian utzi du.

Ez da nahikoa izan, batik bat gure buruetan zegoen testuinguru erdaldun garbi hori benetakoa ez delako. Ez da nahikoa izan, orain agerian dagoelako Barakaldoko biztanleriaren zati oso nabarmen batek euskara ulertzen duela. Eta ez da nahikoa izan, hiru urte hauetan konturatu garelako berdin diola prentsa oharra euskaraz eta gazteleraz bidaltzeak. Azken finean, albiste horien argitalpena komunikabideen jabeen esku dago eta euren ildo editorialaren arabera erabakiko dute.

Hamaika egun hauetan ikusten (hobeto esanda, entzuten) ari garena ikusita, argi geratu da Barakaldon euskaraz hitz egin eta idatzi daitekeela. Horrez gain, hemendik aurrera, argi geratuko da hori egiten ez badugu, nahi ez dugulako izango dela. Beraz, egun hauetan egindako ahalegina jarraitu beharko genuke, izan ere, Oskorriren Euskaldun Berriaren baladak zioen moduan, "ez da hain fazila".


Éste es un espacio cedido por 'Barakaldo Digital' gratuitamente y en igualdad de condiciones a todas las fuerzas políticas con representación en el Ayuntamiento de Barakaldo ante la celebración, el 26 de mayo de 2019, de las elecciones municipales