EH Bilduk zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustua egin du, zerbitzuak eta lan-baldintzak hobetzeko
Maria Solar alkategai subiranistak udal zerbitzu publikoen birudaleratzea defendatu du, EAJk eta PSEk bultzatutako pribatizazio ereduaren aurrean.
EH Bildurentzat funtsezkoa da zerbitzu publikoak indartzea, “errentagarritasun sozial eta publikoaren ordez egungo eredu pribatizatzaileak zerbitzu horien errentagarritasun ekonomikoa lehenesten duelako”. Hala adierazi du gaur goizean Maria Solar Barakaldoko alkategaiak, eta udal gobernuen egungo eredua kritikatu du. Hautagaiak adierazi du pribatizazio horiek guztiek, baldintza okerragoak sortzen dituztela langileentzat, eta, azkenean, honek zerbitzuan eragina duela, eta erabiltzaileek pairatzen dituztela ondorioak. Solarrek gogorarazi du legegintzaldi honetan zerbitzu askotako (Kbus, etxez etxeko laguntza-zerbitzua, interbentzio soziala, TAO, kiroldegien mantentze-lanak edo garbiketa, besteak beste), langileen grebak eta protestak etengabeak izan direla.
Horregatik, EH Bilduk pixkanaka publifikatu nahi ditu zerbitzu publiko horiek guztiak, betiere indarrean dauden baldintza-agiriek horretarako aukera ematen badute. Solarrek lehentasunezkotzat jo ditu Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, TAO, eta Kultur Etxeetako eta Kiroldegietako langileak. Gainera, indar subiranistak aparkalekuen kudeaketa publikoa ere berreskuratuko du, eta udal-zerbitzu guztietan hizkuntza-eskubideak bermatuta egongo direlako konpromisoa hartu du.