---
Elkarrekinek Barakaldoko egoitzen inguruan espazio seguruak bideratzea eskatu du, Gipuzkoan jada egiten ari den bezala
- Barakaldoko 600 egoiliarrek ez dute aire zabaleko espaziorik beren zentroan, ezta kanpora ateratzeko aukerarik ere
- Gobernu taldeko alderdien (EAJ eta PSE) aurkako botoekin atzera bota zuten proposamena, eta alderdi horiek ekimen berdinak martxan jartzen ari dira Gipuzkoako herrietan
Elkarrekin Barakaldok mozio bat aurkeztu zuen joan den azaroko Ohiko Osoko bilkuran, Barakaldoko egoitzetako adineko pertsonentzako eta mendekoentzako gune seguruak sortzea eztabaidatzeko. Gobernu taldeko (EAJ eta PSE) alderdien aurkako botoekin atzera bota zen mozioak proposatzen zuen Udalak, horretarako eskumena izanik, gune horiek Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan gaitzea, egoitza zentroen eskumena baitu.
Mozioaren helburua hurrengoa zen: espazio publikoa prestatzea egoitzek erabilera esklusiboko eremu bat izan zezaten beren ingurune hurbilean, ordutegietarako aukerarekin, ibilgailurik gabe, egoiliarrek modu autonomoan edo lagun eginez erabili ahal izan zezaten, paseatzera irteteko edo airea hartzeko. "Aurten beste helburu batzuetarako prestatu da espazio publikoa, pandemia dela eta, eta adinekoentzat eta egoitzetako mendekoentzat bideratutako ekimen hau Osoko Bilkuran onartzeko bezain garrantzitsua zela uste genuen", azpimarratu du Marivi Freire zinegotziak.
Podemos, Ezker Anitza-IUk, Equo-Berdeak eta Independenteek osatutako taldeak azpimarratu duenez, martxoko konfinamendua presazko eta larritasunezko egoera baten ondorio zen, eta hori justifikatzen zuen bere garaian. "Hala ere", dio Freirek, "badira muturreko konfinamenduak asaldura fisiko eta psikiko larriak eragiten dituela frogatzen duten ikerketak". Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak joan den abuztuan adinekoen egoitzetako gizarte-harremanen murrizketei buruz adierazi zuen bezala, muturreko isolamendua bigarren mailako ondorio garrantzitsuak eragiten ari zen pertsona horiengan, eta, batzuetan, eragin larria izan zuen haien osasun fisiko, psikiko eta emozionaleko egoeran. Hori dela eta, koalizioak harreman sozialak eta kanporako irteerak ahalik eta gehien erraztea eskatu du.
Hala ere, EAJk eta PSEk mozioa atzera bota zuten osoko bilkuran, "hain argudio handiak erabilita, esaterako, egoitzek aire zabaleko espazioak jada zituztela, baina Barakaldon ditugun zortzi egoitzetako bat baino ez du betetzen, edo inguruan espazio publikoa dutela. Espazio publikoa dute, noski, baina arautu gabe dago paseatzeko segurua eta egokia izateko. Are gehiago, Barakaldoko adinekoentzako egoitza-plaza guztietatik 600 egoiliar utziko lirateke, beren zentroan aire zabaleko espaziorik ez dutenak, kanpora ateratzeko aukerarik gabe", adierazi du Freirek.
Gipuzkoan, lau udalerrik, Foru Aldundiarekin batera, dagoeneko egokitu dituzte aire zabaleko espazioak, adinekoei COVID-19ren aurrean ibilaldi eta irteera seguruak bermatzen dizkieten egoitzen inguruan, eta, Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duen bezala, oreka bilatu dute egoitza-zentroetako erabiltzaileen babesaren eta haien ongizate emozionalaren artean.