Hizkuntzak mugarik gabe ekimena egin zen Irunen otsailaren 16an. AEK-k Paperezko bizitzak
izeneko adierazpena irakurri du 23. KORRIKA hasiko den hirian, paperik
gabeko herritar asko biltzen diren ingurunean. AEKren Artezkaritza
Kontseiluko Aize Otañok leitu duen adierazpenak dioenez, “herritar orori
bermatu behar zaio berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea, eta botere
publikoek ziurtatu behar dute eskubide hori, herritarrei ezagutza doan
eskainiz”. Otañok gogorarazi du urtez urte ari dela hazten eskubiderik
gabe dauden pertsonen kopurua: “Zoritxarrez, herritar horiek ezin dute
euskara doan ikasi, hemen eta orain, paperik ez izateak beren izatea
bera ere ukatzen baitu. Horren aurrean, guk lau haizetara aldarrikatu
nahi dugu inor ez dela ilegala, eskubide guztiak, eskubide berberak,
denontzat direla”.
Hala, AEK-k dei egin die Euskal Herriko administrazio
nagusiei, eskubideen bideratzaile zein bermatzaile diren neurrian, eredu
izan daitezen: “Bada unea neurriak hartzeko euskal herritar orori
euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion. Izan ere, existitzen ez denak
ezinezko du gainontzeko herritarroi zor zaiguna eskatzea”.
Honela bukatu du Otañok Paperezko bizitzak
adierazpenaren irakurraldia: “Paperik gabe, ez gara, ez gaude. Baina
hori ez da printzipio baliagarria euskararen komunitate zabala osatzen
dugun herritarrontzat. Inor kanpoan utzi gabe, har dezagun dimentsio
orotan eragiteko konpromisoa; herriaz HARRO, herria batuta. HARRO
HERRIA”.
Halaber, Ane Elordi KORRIKA arduradunak ekitaldi berean
adierazi du euskararen komunitatea indartzeko “ezinbestekoa” dela
heltzen direnak “besoak zabalik” hartzea: “Haiek ere euskararen
herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da
haien bidea samurtzeko erremintak ematea”.
Irungo Harrera Sareko kide Alaine Aranburuk ere hartu du
parte Oiasso museoan izan den ekitaldian. Hark esan duenez, “euskarazko
kultur eduki asko dago mugen eta arrazakeriaren bueltan, eta horietako
batzuek ere Irungo Harrera Sarea zeharkatzen dute. Gaurko ekimen
honek euskarri eta sortzaile horiei plazatxoa emateko oso aukera ona
iruditu zaigu”.
Paperezko bizitzak ipuin lehiaketa
Ekitaldian bertan aurkeztu dute Paperezko bizitzak
ipuin lehiaketa ere, herritar guztiek euskara doan ikasi ezin dutela
salatzeko asmoz. Hala, lehiaketan parte hartu nahi duen orok euskaraz
osatu beharko du administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonak
pertsonen egoeraren inguruko kontakizun laburra. Oinarri zehatzak AEKren
eta KORRIKAren webguneetan (hemen) kontsulta daitezke. Lanak jasotzeko azken eguna martxoaren 25a izango da, eta sari banaketa apirilean egingo da.
* Enlace al texto en la web original
Este texto es un comunicado de Aek