Baxoa eta brebeta* euskaraz egiteko hiru
hamarkadan baino gehiagoan borrokan aritu eta ari diren ikasleek jaso
dute KORRIKAren gorazarrea. Halaber, Oihaletxea dokumentala (Lander
Garrok zuzendua) aurkeztu da, non Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen
duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta
ikasle ohien testigantzak jasotzen diren. Omenaldi-ekitaldia gaur
(urtarrilak 25) izan da, Hondarribiko Itsas Etxea Auditorioan.
Euskara da Azterketak Euskaraz
kolektiboaren aldarria, KORRIKArena bezalaxe. Ikasle horiei, beren
bizitzako une erabakigarri batean, baxoa eta brebeta egiteko orduan,
azterketek sortutako berezko ezinegonari beste zama bat inposatzen
diete: ikasketetan erabili ez duten hizkuntzan aritzea, frantsesez
alegia. Hala ere, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak
aldarrikatzeko hautua egin eta egiten dute, Frantziako Gobernuaren
aginduen gainetik, beren notetan kalteak onarturik.
KORRIKAk, aitortza xume honen bidez, haien egoera
ezagutzera emateko bozgorailua izan nahi du. KORRIKA arduradun Ane
Elordik aipatu bezala, “Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere,
mundu guztiak jakin dezala gazte hauek, egun, ezin dutela ikasketen zati
garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin; eta, bidegabekeria horren
aurrean, pausoak ematen jarraituko dutela”.
Seaskako Lehendakari Peio Jorajuriak hartu du gero hitza, eta Bizkarsoro filmari
(Josu martinez, 2023) erreferentzia egiten hasi da, bertan Lapurdin,
Nafarroa Beherean eta Zuberoan egunero bizi izaten den errealitatea dela
aipatuta: “XXI. mendean, Euskal Herria herri ukatua da; euskara,
zangopilatua”.
Beskoitzeko ikastolaren afera salatu du ondoren:
“Auzapez puxant batek 51 haur ikastolarik gabe utz ditzake, kale
gorrian, egun batetik bestera. Zergatik?”.
Oztopo eta traba guztien gainetik, euskaren
ofizialtasuna eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu ditu: “Harro
hadi Euskal Herri, ikastolak antikonstituzionaltzat dituen legearen
aitzinean. Harro hadi Herri, ofizialtasuna ukatzen diguten hautetsien
aitzinean. Harro Herri, haurrei beren hizkuntzaz mintzatzea eta idaztea
debekatu nahi dieten errektore** eta agintari zapaltzaileen aitzinean”.
Elorri Falxak, Manex Erdozaintzi-Etxart ikastolako
irakasleak, aipatu du frantses Administrazioak irakasleria konplize
nahi duela hizkuntza-zapalketan. Brebeta euskaraz egitearen aldeko
borroka irabazi genuen, baina orain Baxoaren tenorea da: “Ikastolak, hautetsiak, jendartea… herri oso baten sustengua beharko dugu borroka hau ere irabazteko”.
“Ikastoletan, berdintasun-, errespetu- eta elkartasun-balioetan heziak izan gara”. Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean, Maika Gueiçanburu ikasleak aitzineko belaunaldien lana du azpimarratu: “Zonbaitetan,
kantuz eta dantzan egin diogu aurre inposizioari; beste batzuetan,
okupazio- eta desobedientzia-ekintzekin; baina, beti, maitasunarekin,
gure aitzindarien bideari jarraikiz”. Egungo ikasleak lekukoa hartzeko
prest daudela adierazi du Gueiçanburuk, “KORRIKAn bezala, lekuko hori
beste belaunaldiei pasatuko diegu, harik eta Euskal Herri euskalduna
lortu arte!”.
Oihaletxea dokumentala
Lander
Garrok zuzendu du ikus-entzunezkoa. Ordu-erdi pasatxoko iraupena du,
eta Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle,
irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasotzen ditu.
“KORRIKAk eta Azterketak Euskaraz taldeak badute
zerbait komunean, guztiontzat begi-bistakoa denaz aparte: biak jaio
ziren desagertzeko bokazioarekin. Bi ekimenak maite ditugu, baina ez
dute irauteko bokaziorik, biak sortu direlako anomalia baten ondorioz;
zerbait injustua aldatzeko”, adierazi du Garrok.
Oihaletxea metafora bat
dela azaldu du: euskara irudikatzen duen metafora, alegia. Gu oihaletxe
edo oihal-etxolaren barnean gaude, eta euskarak babesten gaitu. Gure
babeslekua da euskara/oihaletxea, baina kanpoko elementuen (haizea,
hotza, ekaitza) mende gaude. Guk oihaletxeari tinko eusten diogu,
desager ez dadin. Era berean, ez dugu oihaletxea indartzeko denborarik;
izan ere, etengabe kanpoko elementu horien kontra ari garenez,
eskuartean duguna atxikitzen dugu.
Aurrera egingo dugu, harrotasunez, harik eta
oihaletxe hauskor eta arin hauek, eguraldi apetatsuaren aurka, harrizko
etxe sendo eta atsegin bihurtu arte.
Dokumentala otsailaren 8an estreinatuko da, EITBn.
Oroigarri-banaketa
Azterketa
Euskaraz kolektiboaren lana aitortzeko, AEK-k oroigarri bana eman die
Estitxu Robles, Xalbador, Manex Erdozaintzi-Etxart, Piarres Larzabal eta
Kattalin Elizalde kolegioetako ordezkariei, zein Bernat Etxepare
lizeokoei. Ane Elordik, txalo-zaparrada artean adierazi duenez, “Egiten
ari zareten borroka gogorra izan da, eta izaten ari da. Izan dadila
oroigarri xume hau egindako lanaren aitortza; AEKren partetik, gure
esker ona, euskaldunon eskubideen alde lehiatzeagatik”.
Txarangaren kalejirarekin bukatu da ekitaldia.
* Enlace al texto en la web original
Este texto es un comunicado de Aek