publicidad

Maddi Ane Txoperenarekin elkartu gineneko kronika, Barakaldoko berbalagunon eskutik

Comunicado de Ezkerraldeko Berbalagunak.

 Alazne Tajadura berbalagunak idatzi digu kronika eder hau:


2021eko apirilaren 27an, arratsaldeko zazpietan, Clara Campoamor Kultur Etxeko Areto Nagusian, Barakaldoko Udal
eko KulturaZerbitzuak eta Barakaldoko Berbalaguneko Irakurzale Klubak streaming bidez antolatu zuten Maddi Txoperenaren “Ene baitan bizi da” liburuari buruzko solasaldi literarioa, Iker Sagastibeltzak aurkeztua eta Iñigo Muñozek bideratua.

Maddi Txoperena, 27 urteko emakume idazlea eta bertsolaria, Hendaian sortua da eta Lesakan bizi da egun. Esku artean daukagun bere lehenengo liburu honetan garai bateko eta gaur eguneko Ipar Euskal Herriko eta Frantziako bi istorioren bidez, hain zuzen ere, Marie eta bere amatxi Josefinaren istorioen bidez, bi errealitate paralelo eta eta elkar-josita ezagutuko ditugu.

Maddik azaldu zigun liburuarenabiapuntua: Bortzirietara eta Baztanera neskame joan ziren bere amatxi, horren ahizpa eta bera bezalako emakumeen testigantzak. Bere ustetan, gai hau itzalean zegoen eta beharrezkoa zen argira ekartzea. Alde batetik, emakume hauek egin behar zituzten lanak oso gogorrak izan zirelako eta askotan etxeko nagusien mespretxua jasotzen zutelako (gogoratu pasaportearen pasartea), eta beste aldetik, herrira bueltatzen zirenean ezkontzea, umeak heztea eta etxea zaintzea zeukatelako zain. Hau konparatzen badugu eguneko zaintzaren diskurtso feministarekin alde handia aurkituko dugu. Maddik kontatu zigun ez zuela hanka sartzerik nahi gai honekin eta trebetasun eta leuntasun handiz lortu du garai horretako emakume horien bizipenak islatzea.


Maddik azaldu zuenez, liburuaren izenburua ere horren ildotik doa… Akaso Mariek ez zuen lortu bere unibertsitateko lanerako amatxirengandik behar zituen datu zehatz asko, baina horrek kontatutako gutxiarekin eta bere isilune neurtuengatik jaso omen zuen Mariek bizitzako irakaspenik handiena eta bere baitan biziko zen betiko. Landa eremuko emakume horien profilekoa zen bere amatxi ere bai; eskatuz gero gutxi, baina nahi zuenean asko kontatzen zuten emakume hauetakoa baitzen. Gogora ekarri zuen Maddik baratzeko eskena bat, ilarrak ereiten ari direnean, amatxiren izaera adierazteko. Horrekin lotuta, amatxi Gerra garaiko ixiltasunaren erreferentea da eta Marieren aita, Jose Luis, 80-90ko hamarkadetako Euskal Herriko gatazka politikoarena. Bitxia ikusi genuen Mariek, Zientzia Politikoko ikaslea izanda eta Frantziako errealitate politikoa ezagututa, aita euskal iheslaria izan zela ez ezagutzea eta horrekiko interes gutxi adieraztea. Jose Luis anti-heroia da Marieren ikuspegitik.


Horren harira, agian aitarekin izan zuen harreman hotzagatik nazkatu zen Marie mutilenganako menpekotasunaz; baita neskeenganakoaz ere bai! Hitz batean, laguntasun harremanek irabazten dute liburuaren bukaeran.

Julien, Aimar, koadrila, udako festak, Hendaiako San ferminak, drogak… Iparraldeko erritmoa sentitzen da liburuan. Musikaren garrantzia itzela da Maddirentzako, girotzen laguntzen baitio idazteko prozesuan. Musikarekin ere lotuta, protagonistari ez zitzaion gustatzen koadrilak entzuten zuen musika-estiloa, baina akaso talde baten parte izan nahi zuelako, lagunak asko tematu eta gero, erlaxatzen da eta drogak probatzen ditu Mariek azkenean.

Liburuan Sara eta Beraren arteko joan-etorri ugari daude. Nahiz eta Gerra garaian eta gerraostean bi herrialdeen arteko mugak oso definituak egon, esaterako, Josephineri deitzen ziotenean l´espagnole (bera espainola ez sentitu arren), Maddik gaur egun bien arteko harreman naturala dagoela esan zigun; mugarik gabekoa.

Literatur baliabide aldetik, liburuaren erritmoa eta sintesi gaitasuna izan dira aipatuenak solasaldian. Baita Maddik idazteko aukeratu duen “euskara mugalaria” ere, hots, Bortzirietako euskara. Kurtsiba ere erabili du Marieren pentsamenduak adierazteko kamera geldoan eta erritmoa azkartu du beste pasarteetan. Gainera, liburua hasten den moduan bukatzen da; egitura borobila dauka: “Aski zaku ttipian sartu zaizkio zazpiurtez metatzen arituriko ondasun guziak…“ (hasieran, Josefina) eta “East-Pack zaku batean sartu zaizkio azken hiru hilabeteetan metatzen arituriko ondasun guziak.”(bukaeran, Marie).


Bikaina, hitz batean, idazle gazte honen lehenengo obra hau. Mariek liburu bukaeran hartutako trena “bukaera irekia” bezala ikusita, bigarren parte bat ote? Hala espero…!

Mila esker, Maddi Txoperenari eta gerturatu zineten guztiei.

Hurrengo topaketara arte. Jarrai dezagun euskal literaturaz gozatzen!


 



* Enlace al texto en la web original
Este texto es un comunicado de Ezkerraldeko Berbalagunak