publicidad

Barakaldoko Euskararen Ginkana helmugara heldu da

Prentsa oharra. Barakaldoko Sasiburu kultur elkarteak Euskararen Ginkanari amaiera emateko jaia egin zuen ostiralean, azaroaren 30ean, Dantzari eta Eguzki tabernetan. Jaian, jokalari topaketa eta sari banaketa egiteaz gain, Kilika bertso eskolako bertsolarien parte hartze estimagarria eta musikarien girotzea izan genuen. Taberna hauetatik hasita eta Zaballa kaletik barrena, kaleko bertso saioa burutu genuen giro ezin hobeaz lagundurik.


Joko dibertigarri hau, Urriaren 15ean hasi genuen eta Abenduraren 3an bukatuko da. Hala ere, egun batzuk lehenago, jokalari topaketa egin eta irabazleak iragarri ditugu. Festan, ginkanako partaideak eta Barakaldoko beste euskaltzale batzuk elkar ezagutzeko parada izan zuten.

Euskararen Ginkana, Barakaldon ezaugarri hauekin ospatu den lehena izan da eta ia 50 lagun animatu dira parte hartzera. Guztien artean, 750 froga baino gehiago gainditu dituzte. Barre ederrak bota ditugu zenbait galdera-erantzunekin, frogaren bat edo besterekin hika-mikak egon badira ere! Ginkanak 28 froga izan ditu, lau mota desberdinetakoak. Horretaz gain, 3 froga gehigarri ere izan dira.

“gure herriko zenbait datu bitxi eta ez-jakin asko ezagutzeko baliogarria izan zait”, “froga bat asmatu bezain pronto beste bat egiteko gogoa nuen eta e-postaren zain nengoen” zioten jokalari batzuek ginkana bukatutakoan.

Sasiburu kultur elkartearen bat-bateko balorazioa, helburuak neurri handi batean lortu ditugula da. Hots, herrian euskararen erabilera sustatzea, giro ona bultzatuz eta kultur printzak ezagutaraziz.

Datorren urterako, ginkana berria prestatzeko asmoa berresten dugu eta inor animatzen bada, laguntza asko eskertuko dugu, bai jokua antolatzen, bai galdera interesgarriak proposatzen. Orain bagoaz, Urtarriletik aurrera datozen ekitaldi eta jarduerak prestatzeko. 2013 urte berezia izango da Sasiburu kultur elkarterako, 20. urtemuga ospatuko bait dugu.