Urrian hasi ziren elkartzen berbalagun, mintzakide eta mintzalagunak; ikasturte honetan, 103 herritan: Agoitzetik Muskizera edo Tuteratik Zarautzera. Ezkerraldetik pasatuta, nola ez. Ezkerraldeari dagokionez, eskualdeko lau herrietan dago Berbalagun: Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzin. Egun, 420 lagun elkartzen dira astero, 39 taldetan. Adin guztietako partaideak dira eta era guztietako taldeak; izan ere, talde arruntez gain, badira zenbait xede-talde: mendi, paseo eta martxa taldeak, irakurzale klubak, berba poteo taldea…
Familientzako gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolas, txango eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek aukera izan dezaten euskaraz elkarrekin aritzeko. Azkenik, azaroan online-taldeak ere abiatuko dira.
Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskura ditzakete.
Izena emateko: emanizena.praktikatu.eus, euskara zerbitzuetan eta herrietako euskaltegietan.