publicidad

Iritzia / Barakaldoko Hezkutza Bilgunea / Barakaldoko matrikulazioa. Non gaude?

Oharra / Barakaldoko Hezkutza Bilgunea. Ukaezina da azken urteotan jaiotze tasa beheranzko joera duela, eta hau eragin zuzena izaten ari da 2 urteko geletako matrikulazioan. Hala ere, beharrezkoa dugu hausnarketa sakonagoa egitea, ez gara azalean geldituko. 

2017-18 ikasturtean 2 urteko geletako matrikulazioaren %63 eskola publikoan izan zen eta %37 itunpekoetan. 2023-24 ikasturtean, berriz, %55 publikoan eta %45 itunpekoetan, hau da eskola publikoak matrikulazioaren %8 galdu du. Honi gehitu beharra dago, Eusko Jaurlaritzak azken urteotan bi urteko gela berriak baimendu dituela itunpeko eskoletan, eskola publikoko matrikulari min handia egiten.

Datu objektibo hauen aurrean, ondorio batzuk  saihestezinak dira. Alde batetik, Barakaldoko itundutako ikastetxeetan B eredua da nagusi, eta publikoetan, berriz, D eredua.  Beraz,  itunpeetako ikastetxeetan matrikula gora egiteak gure umeen eta gazteen euskalduntze prozesua larriki kaltetzen du.  Zelan da posible Eusko Jaurlaritzak apustu egitea euskara maila eskasago eskaintzen duen ereduaren alde?

Bestalde, Barakaldoko eskola publikoetan 2 urteko gela kopurua nabarmen jaitsi da aurtengo ikasturtean. Etorkizunari begira honek izan ditzakeen ondorioak ez dira makalak: kasu batzuetan gela bat galdu da, beste batzuetan gela bat galtzeaz gain, oso ume gutxi matrikulatu dira, etorkizunari begira honek dakarren arriskuarekin (lerro oso bat galdu, eskolak ixteko arriskuan sartu…).

Gogora dezagun indarrean dagoen lege berriak diona: 

17/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena. (27. artikulua)

“Eskola-plazen eskaintza hori eskolaratze-premia errealetara egokituko da, eta gaineskaintza saihestuko da.” 

“Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren joera demografikoak berariaz aurreikusiko dira [...], eta, aldez aurretik, joera horiek ikastetxeetan dauden ikasle/plaza ratioaren gainean dituzten inpaktuak identifikatuko dira lurraldez lurralde eta urtez urte.”

Egoera hau ikusita, zelan da posible Eusko Jaurlaritzak berriro ere 24-25 ikasturterako itunpeko ikastetxeetan gela berriak irekitzeko baimena ematea?  Ez al da hau publikotasunarekiko ardura gabeko apustua? Ez al da Hezkuntza Departamentuaren erantzukizuna familiei eskola publiko erakargarria eta  kalitetezkoa eskaintzea, eta horretarako beharrezkoak diren baliabideekin guztion eskola hornitzea? Ez al da Administrazioaren ardura gure ume eta gazteentzako hizkuntza- eskaintza onena bermatzea? Ez al da derrigorrezko hezkuntzaren helburua euskal-hiztun osoak bermatzea?

Ez dugu uste bide honek horra eramango gaituenik… hausnar dezagun zer nolako hezkuntza nahi dugun Barakaldon.

BARAKALDOKO HEZKUNTZA BILGUNEA