publicidad

Ezkerraldeko euskarazko ekitaldien agenda martxan da

Oharra. Euskaragendak.eus webgunea tokian tokiko euskarazko ekitaldiak iragartzeko proiektu ireki eta parte-hartzailea da. Sasiburu euskara elkarteak Barakaldon, Sestaon, Portugaleten eta Santurtzin euskaraz eskaintzen diren kultura-ekitaldiak iragartzeko agenda sortu du bertan: Ezkerraldea.euskaragendak.eus Honek ahalbidetzen du telefono bidez, modu erraz eta azkar batean, zugandik gertu dagoen kultura eskaintza guztia eskura izatea, edozein unetan eta edonondik. Sasiburuk berak agenda elikatzeaz gain Barakaldoko hainbat talde, elkarte eta kultura-eragilek beraien ekitaldien berri zuzenean ematen dute, eskaintza dinamikoa eta oso aberatsa eskainiz!

Antzezlan bat euskaraz ikusteko gogoa duzu? Euskal musika talde baten kontzertura joan nahi duzu lagunekin? Haurrentzako ipuin kontalaririk edo pailazorik egongo den jakin nahi duzu? Berbalaguneko ekitaldi batera joan nahi duzu euskara praktikatzera?

Era honetako galderak erantzutea orain errazagoa da!

Euskaraz bizitzeko laguntza berria da!


Sustatzaileei buruz
Sasiburu Barakaldoko euskaldunen elkartea da. Aurten 30 urte bete ditu (1983an sortu zen). Urte guzti hauetan zehar hamaika proiektu eta ekitaldi desberdin atera ditu aurrera, esparru eta izaera desberdinetakoak: argitalpenak, lasterketak, lehiaketak, antzezlanak, jolasak, ipuin kontalariak, bertso afariak, hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, kontzertuak, jaialdiak... Hamaika bide helburu bera lortzeko: Barakaldon euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea, gizarte euskaldunagoa lortuz.

Sindominio 1999an sortu zen zerbitzari autonomoa eta autokudeatua da. Komunitate honek gizarte mugimenduak laguntzen ditu. Euskaragendak.eus eta Ezkerraldea.euskaragendak.eus webguneak sortu eta maila teknikoan mantentzen ditu.

Gancio hitza gantxo ahoskatzen da eta lagunarteko italieraz hitzordua esan nahi du. Gancio, Italiako software libreko garatzaile batzuek tokian tokiko komunitateetan agenda partekatuak kudeatzeko sortu duten aplikazio erabilerraz eta modernoa da. Euskaragendak, Lubaki agendak eta beste batzuek ere, Gancio darabilte.