--
‘Lan beRdea biRzikleta eRésilientzia’ proiektua aurkeztu dute Barakaldoko 2021eko aurrekontu parte-hartzaileetara
- - Enplegu berdeko plan bat da, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden gazteei zuzendua
- - Bizikletak eta MPIak prestatuz, zabalduz, mantenduz eta erabiliz, mugikortasun eta irisgarritasun jasangarriak sustatzera bideratuta dago
Ekologistak Martxanek, Agharasek (Bizkaiko Imazighen Elkarteak) eta Birakak (Bizikleta Sustatzerko Elkarteak) proiektu bat aurkeztu dute Barakaldoko Udalak sustatutako 2021eko Aurrekontu Parte-hartzaileetan. Horrek, mugikortasunarekin eta irisgarritasun jasangarriarekin lotutako sektoreetan, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden gazteen enplegua sustatu eta prestakuntza hobetzeko helburua du, hala nola, bizikleten eta Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen, hau da, MPIen, gurpil-aulkien edota patineteen erabilera, mantentzea eta konponketa.
‘Lan beRdea biRzikleta eRésilientzia’ proietuak hurrengo hau lortu nahi du:
* Bizikletaren erabilera sustatzea eta gure eguneroko bizitzan txertatzea
* Ekonomia zirkular eta jasangarriaren alde egitea, erabiltzen ez diren bizikletak konponduz eta berrerabiliz
* Etorkinak edota gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak prestatzea, baita etorkizunean gizarte- eta lan-orientazioa ere ematea
* Herritarrek bizikletak maileguan hartu ahal izateko udal-zerbitzua abian jartzea.
* Bizikletak eta gurpil-aulkiak bildu, konpondu eta birziklatzeko zerbitzua martxan jartzea, bigarren bizitza bat emateko eta sarbide publikorako parke bat mantentzeko
Elkarte bultzatzaileek 2019ko irailean Barakaldoko Udalak onartutako Klima Larrialdietako Adierazpena aipatu dute. Adierazpen horretan, Udalak krisi klimatikoa arintzeko eta CO2 isuriak murrizteko behar ziren ekintzak eta baliabideak martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen. Horregatik, enplegu-foku berrien sorrerarekin eta gizarteratzearekin lotzea proposatu dute.
Proiektua bizikleten eta Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen tailer bat abian jartzean oinarritzen da, aparatu horiek bildu, konpondu eta berriro erabiltzeko. Horrez gain, beste zerbitzu eta jarduera batzuk ere izango lituzke: auto-konponketako eta mantentze-lanetako tailerrak; bizikletaren erabilera maila desberdinetan ikasteko ikastaroak (ibiltzea, hiriguneetan zirkulatzea, esklusiboki edo elkarbizitzan); 'Zikloteka' (liburuak eta material dokumentala); bizikletak mailegatzeko zerbitzua eta MPI; bigarren eskuko azoka; bisita gidatuak eta ibilaldiak Barakaldon, besteak beste.
Aspalditik ari dira hiru elkarteak proiektu horretan lanean. Covid-19aren pandemiak atzeratu egin du, baina agerian utzi du mugikortasun iraunkorragoa eta osasungarriagoa beharrezkoa dela, pandemiaren aurretik, pandemian zehar (urruntze sozialeko neurriekin burututako mugikortasuna) eta pandemiaren ondoren.
Parte-hartzaile batzuen aurretiko prestakuntza dagoeneko hasi da eta aurtengo irailetik tailerra eta Zikloteka behin-behinean irekita daude. Abendu honetarako, mekanikako lehen ikastaroak hastea espero dute.
Oraindik aurrera, Ekologistak Martxanek, Agharasek (Bizkaiko Imazighen Elkarteak) eta Birakak (Bizikleta Sustatzerko Elkarteak) proiektuari bultzada nabarmena emateko behar diren finantziazioa eta laguntzak bilatu nahi dituzte. Lehen urratsa Barakaldoko Udalaren '2021eko aurrekontu parte-hartzaileetan' aurkeztea izan da, non harrera ona izatea espero duten. Horrez gain, beste laguntza batzuk lortzearen bila daude, Udalarenak zein beste erakunde publiko batzuenak (udalekoak edo autonomikoak), baita pribatuenak ere.