publicidad

Ezkerraldeko Berbalagun

Oharra. Ezkerraldean ere euskara zu zara. Eskualdean ere mintzapraktika taldeak martxan eta aurkezpena egin dute  gaur, urriak 29, Sestaoko Kasko plazan. Dagoeneko abian da AEKren Praktikatu zerbitzuaren kanpaina, euskara ZU  zara lelopean. Ikasturte honetan, euskaldunon komunitatea osatzeko  norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta bereziki, mintzapraktika  programetako parte hartzaileek jokatzen duten papera: egunero hizkuntzan  trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldunon komunitatea osatzen  dugu, eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean euskara gara  denok. 

Urrian hasi ziren elkartzen berbalagun, mintzakide eta mintzalagunak; ikasturte honetan, 103 herritan: Agoitzetik Muskizera edo Tuteratik Zarautzera.  Ezkerraldetik pasatuta, nola ez.  Ezkerraldeari dagokionez, eskualdeko lau herrietan dago Berbalagun:  Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzin. Egun, 420 lagun elkartzen dira  astero, 39 taldetan. Adin guztietako partaideak dira eta era guztietako taldeak;  izan ere, talde arruntez gain, badira zenbait xede-talde: mendi, paseo eta  martxa taldeak, irakurzale klubak, berba poteo taldea…
  
Familientzako gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolas, txango eta  tailerrak egiten, helduek eta haurrek aukera izan dezaten euskaraz elkarrekin  aritzeko. Azkenik, azaroan online-taldeak ere abiatuko dira.  

Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskura  ditzakete. 
Izena emateko: emanizena.praktikatu.eus, euskara zerbitzuetan eta  herrietako euskaltegietan.