publicidad

Iritzia / Barakaldoko Hezkutza Bilgunea / Zergatik publikoa? Zergatik euskalduna?

Oharra / Barakaldoko Hezkutza Bilgunea. Matrikulazio garaia bertan daukagu, eta Barakaldoko Hezkuntza Bilgunetik eskola publikoaren aldeko apostu sendoa adierazi nahi dugu. Eta zergatik eskola publikoa? Arrazoi ugari daude, baina nagusienak aipatu nahi ditugu.

Eskola publikoan D eredua da nagusi. Gaur egun hauxe da gure umeak eta gazteak euskaldundu ahal duen bakarra. Hezkuntza eleanitzak hezkuntza kalitatea sustatu egiten du eta ikasleen errendimendua indartu egiten du (berez, D ereduko ikasleen emaitzak hobeak dira beste ereduetakoenak baino). Euskarak hizkuntza eta kultura ezberdinen arteko zubiak eraikitzen ditu, eskola publikoa anitza ere badelako, gure gizartea bezalakoa.

Eta horren harira, beste gako-puntua: eskola publikoa guztiona eta guztiontzat da; berdin da jatorria, maila ekonomikoa, erlijioa, identitatea... guztiok dugu lekua bertan, eta guztion eskubideak hartzen ditu kontuan: dohan da (dohan den bakarra), laikoa da (adoktrinamendu gabekoa), feminista da (berdintasuna bultzatzen du), inklusiboa da... Eskola publikoak auzoaren eta udalerriaren errealitatea islatzen du, eta desberdinen arteko lankidetzaren aldeko apostua egiten du, ikasleen hezkuntza integrala bermatuz.

Barakaldoko Hezkutza Bilgunetik (BHB) argi dugu eskola publiko eta euskalduna aukera bakarra dela gaur egungo ikasleak etorkizuneko pertsona euskaldunak, eleanitzak eta gure herrian integratua lortzeko!. Horregatik matrikula egin eskola publikoan eta euskaraz!

Barakaldoko Hezkutza Bilgunea