Foto: www.bertsoa.com
Maialen Lujanbio, que defiende el título conseguido en 2009, Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga y Aitor Sarriegi son los finalistas del Campeonato de Bertsolaris de Euskal Herria que se celebra el domingo 15 de diciembre en la feria de muestras de Ansio —Bilbao Exhibition Centre (BEC)—. La edición número 16 del campeonato, que se celebra cada cuatro años, será vista en directo por 13.500 personas que agotaron hace semanas las entradas que se pusieron a la venta. Las puertas del bizkaia Arena se abrirán a las nueve de la mañana y la competición comenzará a las 11.00 horas. EStá previsto que el campeonato, que se disputará durante la mañana y la tarde concluya pasadas las 20.00 horas.NOta de prensa
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2013 - FINALA
Irailaren 29an hasi zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVI. edizioa. 43 bertsolarik hartu dute parte eta kanporaketa eta finalaurrekoetako 13 saiotan egin dute finalerako bidea.
Abenduaren 15ean zortzi bertsolarik kantatuko dute finalean 13.500 bertsozaleren aurrean. Goiz eta arratsaldeko saioa izango da. Goizean 11:00etan hasiko da saioa eta arratsaldean 16:00etan.
Zortzi finalistak honako hauek dira: Maialen Lujanbio egungo txapelduna, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.
Urtetan egin duen lan etengabe eta isilaren esker onez, Joanito Dorronsorok jantziko dio txapela Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunari. Ataundarra sortzez, Zumaian bizi da apalditik Dorronsoro eta, besteak beste, harena da bertso doinutegia egitasmo erraldoia.
Bertsolariak
Aitor Mendiluze Gonzalez (Andoain, 1975)
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko bertsolaritza irakaslea da. Hernaniko eta Andoaingo bertso-eskoletan aritua da. 1995ean eta 2007an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Bosgarren aldiz parte hartu du Txapelketa Nagusian.
Aitor Sarriegi Galparsoro (Beasain, 1976)
Informatika Ingeniaritza ikasia da, IKT dinamizatzailea eta irakaslea da. Goierriko Bertso Eskolako kidea da. Lizardi eta Osinalde sariak irabazi ditu. Egungo Gipuzkoako txapelduna da, 2011ko txapelketa irabazi baitzuen. Bosgarren aldiz aritu da Txapelketa Nagusian.
Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983)
Kazetaria da, eta hedabide ugaritan kolaboratzen du. Etxean bertso giroa zegoen, eta txikitatik hasi zen kantuan. Lau aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta hirutan Xilaba txapelketa. Laugarrenez parte hartu du Txapelketa Nagusian.
Beñat Gaztelumendi Arandia (Añorga, 1987)
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi du, eta egun kazetari lanetan aritzen da. Igeldoko, Hernaniko eta Santutxuko bertso-eskoletan ibilia da. Bigarren egin zuen 2007ko eta 2011ko Gipuzkoako Txapelketan. Bigarren aldiz parte hartu du Txapelketa Nagusian.
Igor Elortza Aranoa (Durango, 1975)
Topografia Ingeniaritzako diplomaduna da. Egun, sorkuntza arloari emana bizi da. Zazpi Eskale eta Gu ta Gutarrak proiektuen sortzaileetako bat da. Eskolan hasi zen bertsotan, eta Durangoko Bertso Eskolan jarraitu zuen. Seigarren Txapelketa Nagusia du.
Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, 1976)
Arte Ederretako lizentziaduna da, eta sorkuntzari emana bizi da. Ikastolako bertso-eskolan hasi zen bertsotan, eta 15 urterekin ekin zion plazaz plazako ibiliari. Bertsotik abiatutako zenbait proiektu egin ditu. 2009ko Txapelketa Nagusiko txapelduna da.
Sustrai Colina Acordarrementeria (Urruña, 1982)
Zuzenbidean lizentziatua da. Kazetaritza lanak egiten ditu. Hendaiako Bertso Eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, irakasle gero. Laugarren aldiz parte hartu du Bertsolari Txapelketa Nagusian. Aurreko hiruretan ere finalista izan da.
Unai Iturriaga Zugaza-Artaza(Durango, 1974)
13 urterekin hasi zen bertsotan. Garai bertsuan, Durangaldeko Bertso Eskolako kide egin zen. Bitan irabazi du Bizkaiko Txapelketa. Seigarren aldiz parte hartu du Txapelketa Nagusian. 1993an finalerako sailkatu zen, eta hala egin du ondorengo guztietan ere.
Epaileak
Eneko Bidegain, Karlos Ibarguren, Martin Aramendi, Nerea Bruño, Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula eta Josu Telleria
Aurkezleak
Joana Itzaina, Saroi Jauregi, Zuriñe Iarritu eta Alaitz Rekondo
Egin beharreko lanak
Goizean - (15 bertso puntuagarri)
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Arratsaldean - (10 bertso puntuagarri)
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Buruz burukoa - (10 bertso puntuagarri)
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Kartzelako lana:
Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Joanito Dorronsoro (Ataun,1936)
Apaiz ikasketak egin zituen Saturraranen eta Donostiako Seminarioan; apaiz eginik, langintza hori bete zuen Gaintza eta Itziarren eta apaiz izateari utzi egin zion 1977an.
Torreaga Fundizioan aritu zen lanean lehenik eta Zumaiako Aita Mari Ikastolan ondoren (1980-1999) aritu zen lanean, bihotzeko gaixotasun batek garaia baino lehen jubilatzea behartu zuen arte. Apaiz zereginak eta fundiziokoak bateraturik eraman zituen 1975a arte, apaiz izateari uztea deliberatzen hasi zen urtea. Libe Senosiainekin ezkondu zen 1977an.
60-70 hamarkadan apaiz-langile bihurtuz, ikastolak sortzen ibili zen, bertsolaritza irakasten. Bestelako meriturik asko baldin badu ere, ezpairik gabe, bertsolaritzaren ikerlari eta aztertzaile aintzindari eta garrantzitsu gisara pasako da bertsolaritzaren historiara.
Bera izan zen Hezkuntzan bertsolaritza txertatzeko ahaleginetan saiatu zen lehenetakoa; metodologia zehatz batean oinarriturik Bertsolaritzaren Historia sailkatua osatu eta argitaratu zuen, eta bertsotarako baliagarri diren doinuen bildumarik zabalena egin du. Azken lan honek badu beste meriturik: doinuen izendapena. Bertso-Doinutegia egitasmo erraldoiaren aita da. Gaur egun, Bertsolaritzaren Datu-basean kontsulta daiteke lan hori (http://bdb.bertsozale.com/web/doinutegia/bilaketa)
Ikastolen mugimenduaren sortzaileetakoa izan zen, eta euskara lantzeko bertsoa baliapide egokia zela iritzita, hezkuntzan bertsolaritza txertatzeko eta lantzeko material pedagogikoa prestatzen hasi zen. Lan horren fruitu izango ziren Saioa saileko Hizkuntzako textu liburutan txertatutako bertso ikaskizunak, Bertso Gida, Bertsotan I eta Bertsotan II.
Zumaiako Aita Mari ikastolaren sortzaileetakoa, borondatez, bertsoak eta bertso-doinuak irakastera joaten zen, gero, irakasle gisara lanean hasi zenean Bertso-eskola sortu zuen Zumaiako Ikastolan bertan, eta bertako eragile eta irakasle izan zen 1999ra arte.
Zumaiako Bertso-Eskolako sortzailea da, eta bere omenez urtero ospatzen da Gabonetako Bertso-Paper Lehiaketa, Joanito Dorronsoro Saria.
Ordutegia
9:00 - Bizkaia Arenako ateen irekitzea
11:00 - Goizeko bertso saioaren hasiera
14:00 - Bazkaria. Arratsaldeko saioa hasi arte Bizkaia Arena hustu egingo da
- Bazkari txartela dutenek 6. pabiloian bazkalduko dute
- Etxeko jana ekarri dutenek ere 6. pabiloian izango dituzte mahaiak eta eserlekuak
16:00 - Arratsaldeko saioaren hasiera
20:00-20:30ak inguru – Sari-emate ekitaldia
20:45 – Parte-hartzaileekin prentsaurrekoa
Autobus zerbitzua
Finalera joateko Euskal Herri osotik autobus zerbitzua prestatu du Bertsozale Elkarteak. 2.750 bertsozalek baliatuko dute aukera hori BECera hurbiltzeko. Autobusen geltokiak eta ordutegiak www.bertsozale.com webgunean argitaratuko dira.
Gainerako bertsozaleei garraio publikoa erabiltzeko gomendatzen die Bertsozale Elkarteak.
Bazkaria
Goizeko saioa amaituta Bizkaia Arena hustuko da guztiz. Bertsozaleek alboko 6. pabilioian bazkalduko dute. 1.200 lagunek hartu dute bertako bazkarirako txartela. Etxetik ekarritakoa bazkalduko dutenek ere mahaiak eta eserlekuak izango dituzte seigarren pabilioian. Taberna egongo da bertan.
Haurtzaindegi zerbitzua
3 eta 9 urte bitarteko haurrentzako haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da finalean, betiere gutxieneko eskari kopurua bada. Haurtzaindegia 6. pabiloian izango da eta saioak irauten duen bitartean egongo da zabalik. Doako zerbitzua da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.
350 laguneko lantaldea
Bertsozale Elkarteak 350 lagun baino gehiago jarriko ditu lanean final egunean dena ongi atera dadin. Langileak ongi identifikatuta egongo dira eta entzuleak lagunduko dituzte, saioa hasieran, bitartean eta amaieran. Bertsozale Elkarteko langile eta borondatekoen lantalde prestua da eta momentu oro haien argibideak segitzea eskatzen du antolakuntzak.
Mintzolaren terraza zientifikoa
Azken urteotan munduko gainerako herrialdeetako aditu, ikertzaile eta inprobisatzaileekin harremanak estutzeko ahalegin berezia egiten ari da Mintzola Fundazioa. Lotura horiek indartzeko asmoz finalean Terraza Zientifikoa antolatu du eta atzerriko ordezkaritza zabala izango da bertan, Euskal Herriko adituekin batera.
Ekimen horren gaineko xehetasun guztiak abenduaren 13an, Villabonan, Bertsozale Elkartearen egoitzan goizeko 11etan izango den agerraldian jasoko dituzue.
Finaleko aldizkaria entzule guztientzat
Bertsozale Elkarteak aldizkari berezia argitaratuko du finalerako. Bertsozaleak aulkian aurkituko du 24 orrialdetako argitalpena. Finalari buruz jakin beharrekoak, Bertsozale Elkarteari buruzko informazioa eta bertsolaritzarekin lotutako hainbat proiekturen berri bilduko ditu finaleko aldizkariak.
Finala zuzenean Hitzetik Hortzeran eta Bertsoa.com-en
Abenduaren 15eko finalerako sarrera guztiak agortu ziren orain dela hainbat aste. Bertatik bertara finala ikusteko aukera izango ez dutenek zuzenean segitzeko hainbat modu izango dituzte.
ETBk Hitzetik Hortzera saioaren emanaldi berezia egingo du eta oso-osorik eskainiko du finala zuzenan. Aitzol Barandiaran, Josu Goikoetxea eta Ilaski Serrano izango dira emaldiko aurkezleak.
Euskal Herriko hainbat tokitan finala pantaila handien bitartez segitzeko ekimen bereziak antolatzen ari dira bertsozaleak.
Horrez gain, Txapelketa osoan egin duen bezala, Bertsoa.com interneteko atariak ere zuzenean eskainiko du finala, www.bertsoa.com webgunean.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko babesleak
Bizkaiko Foru Aldundia da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren babesle nagusia. Horrez gain, Txapelketa Nagusiko babesleak honakoak dira: Getariako txakolina, Eusko Label sagardoa, Hazi Fundazioa eta Ampo.